Gaur, ekainak 21, Musikaren Nazioarteko Eguna izanik,
Musikherria herri disketxeak zera
adierazi nahi du:
• Kritika zorrotz bat egin nahi diela gaur egungo sistemari eta instituzioei
horrelako egunak aurpegia zuritzeko erabiltzen dituztelako. Musika gizartearen
patrimonioa dela eta guztion eskura dagoela esaten duten bitartean, musikaren
pribatizazioa eta musika merkantzia bezala erabiltzea babesten dute inongo
arazorik gabe. Hau da, hipokrita hutsak dira, politikoak bezala.
• Musikherria herri disketxeak, anticopyright eta copyleft lizentzien aldeko
apustua egiten duela gaur egungo egoera komertzial eta merkatariaren aurrean,
honen erantzule zuzenak SGAE eta SACEM bezalako erakundeak izanik.
• Musikherria herri disketxea autogestioan oinarritzen dela bere
funtzionamendu eta ekintza guztiak aurrera eramateko. Hori dela-eta, Musikherria
osatzen dugun talde guztiok bat egiten dugu lan egiteko modu honekin,
lehiakortasun eta monopolioez paso eginez.
• Musikherria herri disketxea osatzen dugun 70 taldeok, Euskal Herriaren
egoera musikala ikusiz eta globalizazioa gero eta handiagoa denez, gure bide
propioa egitea erabaki dugula, musika, sorkuntza eta adierazpen bezala ulertzen
baitugu. Gure asmoa, musika zabaltzea eta hedatzea da, kale, auzo eta herri
guztietatik, beti ere, herri kontzientzia kontuan izanda.
• Bukatzeko gure urtebeteko bizitza trinko honetan egindakoa gogoratu eta
hurrengo ekimenak zeintzuk izango diren gogoarazi nahi dizuegu:
a) Nafarroako Musikherria Gaua: Gaur bertan ospatuko da jaialdi hau
Barañaingo Alaitz Ikastetxean ezarritako karpa erraldoian eta hamar bat taldek
parte hartuko dute: Arkada, Zartakada, Kinki Lastrun, Raperos de Emaus, Aketza,
Gatazka Oi, Akto Reflejo, Astindu, Kasu eta Gaitz.
b) Ondarroako Eroskiren Aurkako Akanpada: Uztailaren 7, 8 eta 9an Ondarroan
antolatutako Eroski hipermerkatuaren aurkako akanpadan parte hartuko dugu gure
gune propioa izango dugularik hitzaldi eta kontzertuekin.
d) Udako kanpaina: Udari begira Euskal Herriko jaietan egoteko asmoa dugu,
bai jai batzordeen bidez, baita guk antolatutako kale kontzertu alternatiboetan
eta antola daitezkeen herri ekimenetan ere.
|